XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehendakaritzarako hauteskundeak Frantzian

Chiracen eta Jospinen arteko eztabaida leuna eta bizitasunik gabekoa izan zen

Instituzioez eta enplegua sortzeko bideez izan ziren ezadostasun nabarienak

Jacques Chirac eta Lionel Jospin Lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren txandako bi lehiakideen artean herenegun arratsean izandako eztabaida leuna, serioa eta teknikoa izan zen, komentario egile guztien iritziz.

Hits eta aspergarritzat ere jo dute askok.

ALLANDE SOKARROS/BAIONA

Debateak ez zuen aurretik izandako gisa bereko hiruren (Giscard-Mitterand, 1974an eta 1981ean eta Mitterand-Chirac, 1988an) bizitasunik izan.

Horregatik ikus-entzuleen kopurua aurretik iragarritakoa baino askoz ere apalagoa izan zen: 18.300.000 bederatzietan eta 14.500.000 hamaiketan.

Gillaume Durand eta Alain Duhamel kazetariek zuzendutako buruz buruko horretan jorratutako aipagaietan polemikarik ez zen batere izan, eta jarrera ezberdintasun nabarienak instituzioen, enplegua sortzeko bideetan eta proba nuklearreko kontuen inguruan ziren agertu.

Lehendakariaren agintaldiaren iraupenari dagokionez, Jospinek zazpi urte asko da, are gehiago agindua berritu ahal bada eta hobe bost urte Jospinekin zazpi urte Chiracekin baino azaldu zuen, Chiracek zera iharduki zuen: Ez diot inoiz herritar bati entzun erraiten zazpi urteko agintaldia laburtu behar denik.

Jospinek berretsi zuen, lehendakari aukeratuz gero, Parlamentua desegingo duela eta bozketa berriak antolatuko, beharbada udal hauteskundeen egun berean (ekainak 11 eta 18).

Chiracen irudiko, gehiengo sozial-komunistarik nekez izango da, eta beraz gerta daitekeena da berriro ere kohabitazio bat egotea; kasu honetan, agintea elbarrituta legoke.

Tokiko kargu politikoak eta nazionalak eranstea debeku jarri nahi duen Jospini erantzunda, Chiracek zera iritzi dio: Tokiko kargu politikorik ez lukeen diputatu zein ministro bat aparatxik bilakatzeko arriskua dago.

EZADOSTASUNA LANALDIAREN GUTXITZEAZ

Eskuineko eta ezkerreko lehendakarigaien artean jarrera ezberdin nabarmenenak enplegua sortzeko jokaeren planteamenduetan azaldu ziren.

Jospinek iritzi dionez; bi urteko epe batean 37 lanordura igarotzeak eta enpleguaren aldeko politika kementsu baten bultzatzeak urte batez 600.000 lanpostu sortzea eta langabetu kopurua urtero 300.000 gutxiago izatea eragin dezake.

Chiracen arabera, aldiz, 37ko lanorduak ez du enplegurik sortuko, salbu 230.000 inguru funtzio publikoan eta hauek 50 miliar libera kostako zaizkio Estatuaren kontuei.

Chiracek aukeratutako lanorduen, lan partzialaren eta aspaldian langabezian direnentzat ekimen-enplegu kontratuak garatzea proposatu zuen.

Aldaketa xedeetan

A.S./ BAIONA

Eztabaidaren amaieran lehiakide bakoitzak bere konklusioak adierazi zituen eta aldaketaren kontua izan zen lelo nagusia.

Chiracek erran zuenez, igandean frantses herritarrei planteatuko zaien aukerako galdera hauxe da: hirugarren agintaldi sozialista ala benetako aldaketa nahi duzue?; nik badakit aldaketa gura dutela, proposatu diet, eta, herritarrek hala nahiz gero, neure gain hartuko dut horren gauzatzea.

Jospinek, berriz, zehaztu zuenez, proiektu bat proposatu dut eta etorkizunari zein berrikutzari buruz itzuli behar den Errepublikako Presidentziaz nire ikuskera azaldu dut; arazoei ez zaie heldu behar izanari begira egonda;

herritarren eguneroko kezketatik, hots, enplegua, alojamendua, soldatak, gizarte babespena, seguritatea, hirietako bizia, baserri guneen egoera aintzat harturik abiatu naiz eta horientzat guztientzat gerorako ikuspegiak zehazten saiatu naiz, ez baitut gogorik gaurkoarekin konformatzeko.